Energia kontsumoa Vista Alegre baserrian Inprimatu

 

Zer egin dezakegu energia aurrezteko eta energia fosila iturri berriztagarrietako energiagatik ordezkatzeko?

Esnearen ekoizpenak eta eraldaketak, bestelako edozein elikagairen ekoizpena eta eraldaketa bezala, energia behar du. Vista Alegre baserrian lan hauetarako behar da energia:

•behientzako elikagaiak ekoizteko
•behiei elikagaiak eramateko
•behien mindak eta simaurrak barreiatzeko
•behiek euren elikagaien zati bat esne bihurtzeko
•behiak jezteko
•esnea behar bezala biltegiratzeko
•esnea pasteurizatzeko
•esnea jogurt eta gazta bilakatzeko
•esnea, jogurta eta gazta biltegiratzeko
•esnea, jogurta eta gazta merkaturatzeko

 



Vista Alegre baserrian, Euskal Herriko abeltzaintzan bezala, erabiltzen den energiarik gehiena energia fosila da, ez berriztagarria. Batez ere, petrolioa erabiltzen da modu ezberdinetan (gasolioa, biodiesela, olioa...), esnea ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko beharrezkoak diren makina eta tresna motordunak funtzionaraztearren.

Hala ere, Vista Alegre baserrian bost modu daude, alde batetik, energia fosilaren ordez energia berriztagarria erabiltzeko eta, bestetik, energia aurrezteko. Bi kasuetan petrolioarekiko menpekotasuna murriztu nahi da:


•Behiak eta txahalak larreetan bazkatzen ematen duten denbora (gutxienez 7 hilabete) maximizatzen ari da. Horrela, behientzako elikagaia bildu eta garraiatzeko erabilitako energia fosila murriztu egiten da. Behiek euren indar fisikoa erabiltzen dute bazkatzeko, baina hori energia berriztagarria da.

•Abeltzaintzarako erositako elikagai gehigarriaren sorburuaren eta Vista Alegre baserriaren arteko distantzia gutxitzen ari da eta, adibidez, erabat ezabatu da Latinoamerikatik inportatutako soja eta bazka Euskal Herrian bertan edo ondoko erkidegoetan (Gaztela-Leonen batez ere) erosten da edo Aragoiko Bardeak (300 bat kilometrara).

•Energia kantitate handia erabiltzea eskatzen duten material eta baliabideen erabilera murrizten ari da:

-Herbizidak erabiltzea guztiz ezabatu egin da (eta ez da intsektiziden moduko produkturik erabiltzen).
-Belarraren siloratzea gutxitzea aurreikusten da; horren ondorioz, plastiko gutxiago erabiliko da.
-Bazka kantitate handiagoa eta kontzentratu gutxiago dituen elikadura ondorio positiboak izaten ari da behiengan, eta hori dela-eta albaitaritza produktu gutxiago erabiltzen dira, horien ekoizpenak energia gastu handia dakarrelako.

•Eguzki-plakak instalatu egin dira esnearen eraldaketaren hainbat fasetan beharrezkoa den ura berotzeko: pasteurizazioa, jogurtak eta gaztak egitea, gaztandegiko instalakuntzak garbitzea... Neguko egun hodeitsuetan eguzki-plakek sareko uraren tenperatura igotzen laguntzen dute, 20ºC-tara, eta udan, eguzkiarekin, 60ºC-tara. Esnea pasteurizatzeko 65ºC-ko tenperatura behar da eta jogurta egiteko 90ºC-koa.

•Esne pasteurizatua, jogurtak eta gaztak biltzeko, ekoizpen, birziklatze, berrerabiltze eta garraio prozesuetan energia gastua minimizatzen duten ontziak identifikatu egin dira. Horrek esan nahi du ontzi handiagoak erabiliko direla (ontzi gutxiago gramoko edota mililitroko) eta, bestetik, beiraren abantailak eta desabantailak aztertzen ari direla, PET plastikoaren aurrean.  


Azkenik, esan beharra dago Vista Alegre Bbaserriak Consulting Instituto Huella de Carbono delakoaren eta EVEren arteko ikerketa proiektu batean lagundu egin du, helburu duena hainbat baserritako energia erabileren inbentarioa egitea eta energia aurrezteko eta berriztagarriak ez diren energiak ordezkatzeko mekanismoak proposatzea.

2014ko apirilean eguneratua