B eraz, lehen kontua da esne-behien elikadura optimizatzeko, haien garapen eta osasunerako, zein elikadura-ezaugarri interesatzen diren jakitea. Honako osagaiak aipatu ohi dira:
Energia-ekarpena (kJ) Proteinak (g) Lipidoak (g) Gluzidoak (g) Mineralak (mg) Bitaminak (mg) Ura (l)
Nekazaritzako eredu ekologikoa, elikadura burujabetzaren testuinguruan, behar hauek batera eta ahalik eta hoberen asetzen saiatzen da, baserrian bertan eskuragarri dauden baliabideen bitartez. Testuinguru honetan, larraketa edo baserri baten inguruneko larre eta zelaietako landareak bazkatzeko erabiltzea funtsezkoa da. Zelai horiek eman ditzaketen osagaiak identifikatzen direnean honakoak ikus daitezke: (a) zelaietara beste espezie batzuk (ez bertakoak, baina egokitzeko gai) sartzeko beharra, (b) elikadura baserrietara ekarritako lehengaiekin osatzeko beharra eta horietako zein diren egokienak elikadura burujabetzaren testuinguruan, nekazaritzako eredu ekologikoaren helburu guztien ikuspuntutik (3. atala) eta (c) nagusiki bertako larreetan oinarrituriko esne-behien elikaduraren eta kontzentratuen edo inportaturiko pentsuen erabilera intentsiboan oinarrituriko elikadura-sistemen alderaketa.
Jarraiki eskaintzen den informazioari begira, kontuan hartu behar da bazketan elikadura-osagai ezberdinak pilatzea hainbat faktoreren arteko harremanaren araberakoa dela: harri ama edota lur mota, landare-espezieak, landareen heldutasun-maila, bazka eta zelaien erabilera, ongarrien aplikazioa, klima-baldintzak, urtaroa eta landarearen barruko osagai mineralen banaketa, nagusiki. Horrela, esaterako, landareen heldutasunarekin murriztu egiten da proteina, energia, kaltzio, fosforo eta digeri daitekeen materia lehorraren pilaketa; zuntzarena, ordea, areagotu egiten da. Arrazoi hauek direla eta, dokumentu honetan aipatzen diren balioak batez bestekoak dira.
Vista Alegre baserriaren kasuan, behiek eguraldiak ahalbidetzen duen hilabeteetan (martxo-apiriletik azarora) bazkatzen dute larre eta zelaietan, eta aldi berean belar ondu edo silorako zelaietako belarra ereiten da behiak neguko hilabeteetan zehar elikatzeko. Zelaietariko asko (baina ez guztiak) gehiago edo gutxiago eraldatu dira urteetan zehar, nagusiki ray-grass ingelesa (Lolium perenne) eta hirusta zuria (Trifolium repens) landatuta. Zentzu honetan, Vista Alegreko larreak ez dira Euskal Herriko beste baserri askotan daudenen hain ezberdinak, gramineoak eta leguminosoak gailenduta bertan, biak batera abereei elikagai mota oro hoberen ematen dieten landare-familiak izanda. Hirusta zuria Ray-grass ingelesa
Hala ere, Vista Alegren buruturiko berrereintza gehienak duela bi hamarkada edo gehiago egin ziren, salbuespenak salbuespen, 2010ean partzialki berrituriko lursaila, kasu. (Esan beharra dago egon ere badaudela 50 edo 60 urtetan berrerein ez diren lursailak). Azpimarratu behar da berrereintza artifizial hauek ez direla urtero egiten, eta ondorioz, azken alditik bazkak bilakatu egin direla, egun nagusiki gramineo eta leguminosoen 100 espezie ezberdin baino gehiagoz josita, baina baita beste familia batzuez ere, esaterako, konposatuak, erranunkulazeoak, eskrofulaztiazeoak, ezpaindunak eta abarrak. Datu honen garrantzia ez dago landare bakoitzaren elikadura-ekarpenetan soilik (bazka-gaitasun handiago edo txikiagoan), garrantzitsua ere bada espezie ezberdinek elikadura-osagai ezberdinak kopuru ezberdinetan ematen dituztelako, eta aldi berean, espezie ezberdinek funtzio ezberdinak betetzen dituztelako, nekazaritza ekologikoko ereduaren baitan elikaduraren beraren garrantzi bera dutenak, esaterako, ganaduaren zapalkuntzari eutsi eta horrela lurra iraunarazten lagundu, bioaniztasuna handitu eta horrela fauna edafikoa (lurrekoa) eta elikadura sareen oreka mantentzen lagundu, ezti-interesa izan eta horrela polinizazioa sustatu erleak, euliak eta abarrak erakarrita.
Edonola ere, azpimarratu beharra dago ez direla ondo ezagutzen bazkaleku edo zelaietan bizi diren landare guztien elikadura-ezaugarriak, beraz, horien gaineko datu partzialak baino ezin dira eskaini.
Abere-elikadura aztertzeko hainbat modu daude, besteak beste, osagai bakoitza (proteinak, bitaminak…) bereizita identifikatuko duena eta dokumentu honetan erabili dena, eta euren azterketan oinarrizko zenbait daturi eta landuagoko beste batzuei erreparatzen dieten elikadura-programetan oinarrituak: % materia lehorra (% ML), energia metabolikoa (EM - Mkal/kgML), % proteina gordina (% PG), % errumenean degrada daitekeen proteina (% EDP), % zuntz detergente neutroa (% ZDN) eta abar. Nabaria denez, landareetan dauden elikadura-balioko osagai guztiak ez daude eskuragarri edo ez dira baliagarriak behientzat eta batzuk elikaduran eta digestioan zehar galtzen dira. Ondorioz, bigarren azterketa-metodo honek behiek balia dezaketen landareen elikadura-balioa identifikatzen du. Azken azterketa-metodo honen adibide bat erantsi da, 2. atalaren amaierako abere-elikaduran erabilitako materien arabera.
Jarraiki, esne-behien elikadura-osagai bakoitzaren beharrak aztertzen dira, Vista Alegre baserriko bazkalekuek zein punturaino asetzen dituzten ikusteko.
Aurkibidea
|