Menu nagusia










2.10- Sojaren kasua: PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Elikaduraren ikuspuntutik baino ez ikusita, sojak osagai ezin hobea dirudi abere-elikadurarako: oso leguminoso elikagarria da, kalitate oneko proteina-ehuneko handiarekin (% 37 ere), metionina izan ezik ia funtsezko aminoazido guztiak dituena, saturatu gabeko gantzen % 18 du, A, E, F eta B taldeko bitaminak (tianina, erriboflabina eta niazina) eta mineral ugari, fosoforoa, kaltzioa, magnesioa, burdina eta kobrea, kasu. Bereziki proteina ugari duelako bihurtu da abere-elikaduran gailentzen den osagaia Euskal Herriko baserri askotan, nahiz eta duela 25 urte eskas ez zen batere erabiltzen.


Soja



Dena den, sojaren erabilera ez dator bat Euskal Herrian nekazaritza ekologikoko ereduaren abere-elikadurarekin, honako arrazoi hauek direla eta:

•    Ez da labore egokia gure geografiako lurren baldintza fisiko-kimikoetarako eta klimarako. Egiten dira saiakerak soja barietate ezberdinetako ereintzekin, Araban, esaterako, baina oso maila txikian. Horrela, abere-elikadura soja-ekarpen handietan oinarritzeak elikadura inportaturiko produktuetan oinarritzea dakar nagusiki, egun Latinoamerikako hainbat herrialdetatik. Inportazio horiek tokiko proteina-iturri eta egokituen erabilerak baino energia fosil gastu handiagoa dakarte.

•    Soja inportazioak transgenikoak dira nagusiki, edo ohiko soja eta transgenikoa nahastuta dakartzaten kargamentuak. Ez bata eta ez bestea ez dira nekazaritza ekologikoarekin bateragarriak. Batetik, soja transgenikoaren uzten teknologia, hazia eta salmenta zenbait enpresa transnazional handik menderatzen dituzte erabat, termino filosofiko eta praktikoetan nekazaritza ekologikoaren kontrako muturrean daudenak, eta aldi berean, soja transgenikoak ez transgenikoa kutsatzea ekidinezina da nekazaritzako elikadura-katean, hau da, bien arteko bizikidetza ezin liteke. Bestetik, ohiko sojaren zein transgenikoaren laborantzak produktu kimikoen erabilera masiboa dakar (“Roundup” herbizidarena, kasu), nekazaritza ekologikoarekin bateraezina izanda.

•    Europar Batasunera, eta zehazki Euskal Herrira, esportatzen den sojaren laborantza eta merkataritza transnazional handien eskuetan dago, laborantza-merkataritza kateko barietateak, teknologiak eta prezioak erabakitzen dituztenak, abeltzainen horiekiko % 100eko mendekotasuna eraginda, nekazaritza ekologikoko ereduak baserrien independentzia ekonomiko eta teknikoari dagokionez aldarrikatzen duen guztiaren bestaldean.

•    Sojaren laborantzak Hegoaldeko herrialdeetan, bereziki Latinoamerikan, arazo larriak sortzen ari zaizkio bertako biztanleriari: nekazaritzako lurraren eskuragarritasun galera (bertatik botatzea), produktu kimikoen ondoriozko lurren kutsadura, autokontsumorako urak eta laborantzak, arazoak osasunean…

•    Abereak ez dira sojarekin bazka-eran elikatzen, baizik eta konposaturiko pentsuan, beraz, elikagai gisa zenbat eta gehiago egon sojaren mende, orduan eta osasun arazo gehiago sortzen dira animaliengan.

Arrazoi hauek direla eta, 2011 urtetik hona, Vista Alegre baserrian bertako abere-elikaduratik soja desagerraraziko duen nekazaritza ekologikoko eredurantz joaten ari da. Sojak eskaintzen duen abantailak, proteina-ekarpen handia dela eta, ez ditu batere konpentsatzen sortzen dituen gizarte, ingurumen eta abere-osasun desabantailak. 2011 urtean Vista Alegre baserrian elikaduraren osagarrietan % 20 soja erabiltzen bazen ere, 2012 urterako desagerraraztea planteatzen zen. Badaude soja ez bestelako aukerak, Karrantzatik ez oso urrun landatuak, proteina-ekarpen onargarriak dituztenak, babak eta ilarrak (% 9.0 eta % 7.2 proteina, hurrenez hurren), kasu, eta abere-elikaduran garrantzizkoak diren beste osagai batzuk ere ematen dituztenak (lipidoak, gluzidoak, A, B1, B2, eta C bitaminak eta honako mineralak: potasioa, sodioa, kaltzioa, burdina eta fosoforoa).

Aurkibidea

 
Ikastetxeak


Ikastetxeentzako atal berezia: sakatu ikastetxeen atalean baserriari eta bertako gaztandegiari buruzko informazio berezia eskuratzeko. Badago ikastetxean erabiltzeko edo ikasleek egin diezazkiguketen bisita motak ezagutzeko materiala.



Copy left: web-gune honetako materialaren erabilera askea da gizarte helburu solidarioetarako, beti ere errespetuaren zein kritikaeraikitzailearen baitan eta elikadura buruja betzaren aldeko parametroetan.