Vista Alegre Baserria Abereen elikadura 3.2- Esne-behien elikadura ingurumenari dagokionez:
Menu nagusia










3.2- Esne-behien elikadura ingurumenari dagokionez: PDF fitxategia Inprimatu E-posta

 

* Energia fosilaren erabileraren minimizazioa

Hainbat faktorek dute eragina abere-elikaduran erabilitako energia fosil kopurua murrizteko aukeran, baldintza garrantzitsua nekazaritza ekologikoan:

* Tokiko ekoizpena, ahal izanez gero baserriko bertako lurretan, gastu energetikoa murrizten duena bazka eta osagarrien garraioan.
* Bazkatzea, ganaduaren mugimenduak gastu energetikoa baitu, baina berriztagarria. Egun eta Euskal Herrian, bazken ereintzak energia fosila erabiltzea dakar, beraz, bazkatzea maximizatu eta behien ukuiluratze-denboraldiak minimizatu behar dira. Bazkatzeak ongarri naturala ere ahalbidetzen du, horrela ukuiluetako abere-zaborra botatzeak edo baserriko larreetara ongarri mineralak inportatu eta garraiatzeak dituen gastu energetikoak minimizatuta.

Belarra mozte

Minda barreiatzen


* Bertako edo zonaldeari egokituriko landareetan oinarrituriko elikadura, hobeto baliatzen dituztenak tokiko baliabideak (lurrarenak, ura eta abar), laguntza-material gutxiago behar dituztenak (ongarritzeko gaiak eta abar –era berean, kostu energetikoak dakartzatenak euren ekoizpen, garraio eta aplikazioan) eta inplikazioak dituztenak klima-aldaketaren kontrako borrokarako.
* Energia fosil kopuru handien baliokideak diren sintesiko produktu kimikoen erabilerarik gabeko ekoizpena.

Honela, baserrira elikadura mota oro inportatzearen mendeko abere-elikadura sistemak, zehazki, beste kontinente batetik soja bezalako osagaien inportazioa, esate baterako, oso garestiak dira energiari dagokionez, eta nekazaritza ekologikoaren filosofiaren kontrakoak dira. Abere-elikagai guztiak baserri bakarrean ekoiztu ezin diren kasuetan, klima, geomorfologia edo bestelako faktore fisikoak direla eta, abere-zama murriztea edo osagarriak hurbileneko zonaldetik, termino geografikoetan, inportatzea plantea daiteke.

* Bioaniztasuna maximizatzea

Nekazaritza ekologikoko ereduak abere-elikadurari esleitzen dion beste funtzio garrantzitsu bat da baserri bakoitzean bioaniztasun natural edo nekazaritzakoaren mantentzea edota hobekuntza. Larre eta zelai natural edo erdi naturalek, edo oso lantzean behin ereindakoek,  denborak aurrera egin ahala, handitu egiten den flora-bioaniztasuna dute, familia botaniko ugariren 100 espezie baino gehiago izanda. Espezie hauek guztiek ez dute abereentzako elikadura-interesik, batzuk toxikoak ere badira, baina osoki larreak eurak mantentzen dituzten habitatak eta elikadura sareak iraunarazten laguntzen dute (landare-espezie ezberdinek aterpea eta elikagaia ematen diete hainbat izakiri, intsektuei, hegazti-faunari eta lurreko mikro faunari, kasu: esaterako, txikoria-belarrak edo sapelarrak erleak erakartzen dituzte, polinizazioa bezalako funtzioetarako garrantzitsuak) eta baita inguruneetako beste habitat batzuk ere.

Monolaborantzak, bazkarako bada ere, gogor murrizten ditu bioaniztasuna eta basa-faunarentzat dauden zoko eta habitatak, ondorioak izanda baserri bateko lursail zehatzen, baserri osoaren eta inguruko lurren egonkortasun eta funtzionamendu egokian.


Bioaniztasun haundia


Bazkarako monolaborantza



*  Lurraren kontserbazioa

Betiere abere-zama egokia izanez gero, larre eta zelaietako landare-estalduraren iraunkortasunak lurrak kontserbatzen laguntzen du, lurraren higadura eta arrastatzea ekidinda. Ray-grassen artean ingelesa da abereen zapalkuntzari hoberen eusten diona, baina era berean badaude Vista Alegre baserriko larreetan bazka-interes gutxiagoko landare-espezieak, hala ere, landare-estaldura mantentzen laguntzen dute abereen zapalkuntzari ondo eusten diotelako (esaterako, basa-azenarioa -Dauca carota-  edo artzain-zakua – Capsella bursa-pastoris). Oreka egokia lortzean datza, azken espezie mota honek larre osoa kolonizatzea ere ez baita interesatzen.

* Klimaren krisia

Abeltzaintzako nekazaritza ekologikoko ereduak hainbat modutan laguntzen dio klima-aldaketaren krisiari:
•    Berotegi-efektuko Gas (BEG) isurien murrizketa
•    Karbonoaren finkapena lurrean  
-  lurrek karbonoa askatzea murriztuta
-  lurretan karbono-bahiketa areagotuta

Zenbait gako honakoak dira:
- Abeltzaintzako nekazaritza ekologikoko ereduak energia fosilaren erabilera murrizteko egiten dituen ahalegin guztiak (ikus goian) klima-aldaketaren borrokarako zuzeneko ekarpena dira, erregai fosilen Berotegi-efektuko Gas isuriak murrizten baitituzte. Funtsezko puntuetariko bat, beste behin, abereen elikadura tokiko baliabideetan oinarritzea da: inportaturiko elikagaietan oinarrituriko kontzentratuen erabilera ekiditea, abere-taldearen tamaina norberaren/tokiko baliabideekin orekatzea eta proteina-edukia duten tokiko bazken erabilera maximizatzea esne-baserrien oso modu eraginkorrak dira klimaren krisiaren gaineko ondorioak murrizteko.



Argentinatik ekarritako soja: 10500 km


Palentziatik ekarritako
alpapa lehorra: 250 km


Baserriko lareetako belar freskoa:
100m – 2km


Bazka: 0km



- Esne-behien ganadutegi intentsiboak bazkatzean oinarrituriko ganadutegietara aldatzeak dakarren abere-zamaren desareagotzeak metanoa (CH4) bezalako BEGen isuri gutxiago eta barreiatuagoak dakartza. Egoera ezin hobe batean, elikagai-osagarriak eta ongarriko gaiak erabili beharrik ez duen larre eta zelaien kudeaketa-sisteman abere-zama orekatua lortzen den kasuetan, bahituriko ikatz-kopuruak abereen CH4 eta N2O (oxido nitrosoa) isuriek dakartzaten desabantailak baino abantaila gehiago dakartza.

-  Larreen landare-estaldura abere-zama eta larreen kudeaketa egokiaren bidez mantentzeak ere karbonoaren bahiketan laguntzen du, lurra ereiteko goldatzean CO2 aska dadin ekiditen baitu (lurra goldatzeak azkartu egiten du materia organikoaren deskonposizioa, karbonoaren CO2rako oxidazioa barne lurra berotzean, lur-zokorrak apurtzean edo lur gaineko hondakinak eremu hezeagoetan sartzean), edo landareen mantentzeko gaitasuna gainditzen ez duen abere-zama izateagatik, esaterako. Zentzu honetan, oso interesgarriak dira belar iraunkorren espezieak, ray-grass ingelesa, kasu.



Aurkibidea

 
Ikastetxeak


Ikastetxeentzako atal berezia: sakatu ikastetxeen atalean baserriari eta bertako gaztandegiari buruzko informazio berezia eskuratzeko. Badago ikastetxean erabiltzeko edo ikasleek egin diezazkiguketen bisita motak ezagutzeko materiala.



Copy left: web-gune honetako materialaren erabilera askea da gizarte helburu solidarioetarako, beti ere errespetuaren zein kritikaeraikitzailearen baitan eta elikadura buruja betzaren aldeko parametroetan.